Herritik sortutako egitasmoak modu parte-hartzailean egitea onuragarria dela uste dugu. Gero eta talde anitzagoa osatu, orduan eta aberasgarriagoak izango dira ekarpenak eta jarritako erronkei aurre egiteko ikuspuntuak.

Proiektu berean parte hartzen duten pertsonek, gainera, aukera gehiago dute proiektua eurena sentitu eta iniziatibaz ekiteko. Elkarlanean egindako proiektuak eraginkorragoak izan ohi dira, baina horretarako garrantzitsua da emaitza bezainbeste prozesua eta egiteko moduak zaintzea. Sustatu nahi ditugun baloreak gure egiteko moduetan ere islatzen dira.

Luze ala labur, proiektu guztiek dute hasiera, garapena eta amaiera fase bat. Hori irudikatzen laguntzeko proposatzen dugu hurrengo ibilbidea.

1.
hasiera fasea

Jai bera antolatzeko ilusioak ekarri gaitu hona. Prozesuari hasiera emateko garrantzitsua da hau aurrera eramango duen taldearen izaera eta helburuak definitzea, proiektuak oinarri sendoak izan ditzan. Denon artean galdera hauei erantzuna ematea lagungarria izan daiteke:

  • Nork osatuko dugu Gau Beltza antolatzeko taldea?
  • Norentzat antolatuko dugu jaia?
  • Nolako jaia irudikatzen dugu gure herrian?
  • Noraino iritsi nahi dugu aurten?
  • Zein baliabide ditugu honetarako? Zer falta zaigu?
  • Nondik hasiko gara? Zein ardura hartuko du bakoitzak?

2.
Garapen fasea

Behin abiatuta, ospakizuna amaitu bitartean luzatuko da garapen fasea. Tarte horretan beharko diren bilera kopurua eta maiztasuna talde bakoitzak erabakiko ditu. Antolaketa lan hauetan zehaztu beharrekoak argi izateko, galdera hauek erantzun ditzakegu taldean:

  • Zein izen jarriko diogu gure jaiari?
  • Zein egun edo egunetan ospatuko dugu? Zein ordutegi izango du?
  • Zein eragile edota norbanako egon daitezke laguntzeko prest? gaztelekua, gazte mugimendua, euskara elkartea, aisialdi taldea, ikastetxeak, kultur etxea, guraso taldeak, antzerki taldea, herriko musika taldeak, dantza taldea, udala, elkarte gastronomikoak, herriko merkataritza eta ostalariak, baserritarrak, kontsumo taldeak, baratza parkeak…
  • Zein ekintzek osatuko dute gure egitaraua? eske erronda, mozorro eta makillaje tailerra, kalabaza tailerra, gaztainerre, gure herrian egiten zena jaso, beldurrezko ibilbidea edo etxea, beldurrak erretzea, ikuskizunak (antzerkiak, ipuin kontaketak, hitzaldiak…)
  • Nola egingo dugu jaiaren zabalpena? aurkezpena, kartela, bideoa, tokiko hedabideak, sare sozialak…

3.
Itxiera fasea

Antolaketa lanetan garrantzitsua da ekintza amaitu ondoren balorazio orokor bat egitea. Ekintzaz gain, prozesua bera baloratu eta aurrera begirakoak zehazteko.

  • Zer moduz iritsi gara fase honetara?
  • Zerbait egitea falta zaigu aurtengo Gau Beltza bukatutzat emateko?
  • Zer atera da ongi eta zer hobetu daiteke?
  • Zein zailtasun topatu ditugu bidean?
  • Zerk lagundu digu antolaketan?
  • Zer hartuko dugu kontuan hurrengo urtera begira?

Talde-bileretarako gomendio orokorrak

  1. Partaideen aniztasuna eta oreka bilatu.
  2. Deialdia egin eta zabaldu.
  3. Bileraren gai-ordena, helburuak eta iraupena adostu.
  4. Taldekideen arteko zaintza bermatu.
  5. Puntual hasi eta puntual bukatu.
  6. Bileretarako giro erosoa sortu.
  7. Denon hitzari balio berdina aitortu.
  8. Atera diren ideia nagusiak jaso eta lanak banatu.