1.
Eske erronda

Neguko jaien ezaugarria dira eske-errondak; ezagunak zaizkigu gabonetan, Santa Ageda bezperan edota inauterietan egiten direnak. Negua etxean egoteko garaia zen eta aurretik bildutako janariarekin aurre egin behar zitzaion garai horri. Garrantzia berezia hartzen zuten beraz lurretik eta etxeko abereen bidez lortzen ziren elikagaiek. Uzta jaso berria egoten zenez gainera, etxe guztietan egoten zen eske-errondetan emateko zerbait. 

Herriko taldetasuna elikatzeko ere balio dute eske-errondek, komunitate baten parte sentitzeko. Eskerako esaldi eta kantu bat erabiliz, gazteak izaten dira gehienetan protagonista, eskean aritu eta trukean gozoki edo fruituak jasotzea jolasa bihurtzen baita.

Zer behar dugu?

• Eskerako esaldi edo kantua
• Eskea talde txikitan edo elkarrekin egingo den adostea
• Zer eskatuko den erabakitzea: gozokiak, gaztainak, janaria…
• Bizilagunen konplizitatea
• Ibilbide proposamen bat

2.
Mozorro eta makilaje tailerra

Bihurrikeriaren jaia da Gau Beltza; Iluntasuna baliatuz, beldurra eman eta jasotzekoa.  Gure identitatea ezkutatzeak, egunerokoarekin apurtzeak ematen digu bihurrikeria horietan aritzeko bidea. Etxean ditugun trapu zein arropa zaharrekin jantzi, aurpegia estali edo margotu, eta kalera aterako gara jaiarekin bat egitera.  

Aurretik, eraldaketa hori elkarrekin prestatzeko elkartu gaitezke. Guztia delako jaiaren parte; baita prestaketetan bizi eta ikasiko duguna ere. Tailerrean gainera, genero-rol ezberdinak gainditzeko begirada jar dezakegu mozorroak sortzerako orduan.

Zer behar dugu?

• Etxeetan ditugun arropa zaharrak 
• Oihal, maindire eta zapi zaharrak
• Guraizeak, sokak, josteko tresnak…
• Aurpegirako krema
• Aurpegirako margoak (zuria eta beltza batez ere)
• Mozorro eta makilajeen ereduak.  
• Mahaiak eta aulkiak dituen gela egoki bat. 

3.
Kalabaza tailerra

Baratzetik hartutako arbi, kalabaza edo erremolatxei aurpegi itxura eman eta argituta jartzeko ohitura aspalditik dator. Gaur egun gainera, oso irudi ezaguna egin da zulatutako kalabazarena. Galdutako ohitura bat berreskuratzeko aukera ematen digu, lurraren zikloen eta garaiko produktuen ezagutza landuz. 

Urte osora luzatu daiteke tailerra: apiriletik aurrera hazia erein, maiatza erdialdean landatu eta udazken hasieran guk geuk ereindako kalabazen uzta jaso. Kalabaza hustu eta argitzea, eskulana eta jolasa da aldi berean, jaia girotzen lagunduko diguna.

Zer behar dugu?

• Kalabazak
• Aurpegia marrazteko arkatzak
• Kalabaza-aurpegi ereduak
• Mota ezberdinetako laban, goilara eta tresnak
• Hustutako mamia jasotzeko ontziak
• Kandelak eta sua
• Mahai eta aulkiak dituen gela egoki bat

4.
Gaztainerre

Gaiztañerrea, arima egunaren (azaroaren 2a) ondorengo bigarren astelehenean ospatu izan da. Elkarte zein etxeetan lagunartean edo familiartean elkartu eta afari berezia egin ohi da. Barraskiloak eta gaztainak dira menuko izarrak. 

Urrian ematen baititu fruituak gaztainondoak. Hiri eta herrietan bizi garenetik aldiz, gero eta gutxiagotan dugu gaztainak jateko aukera. Naturaren zikloekin konektatu eta garaiko produktuez gozatzeko aukera ematen digu ekintza honek. Jaia plazara atera eta herri osora zabaldu dezakegu gaztain jatea.

Zer behar dugu?

• Gaztainak
• Danbolina
• Sua pizteko beharrezko materiala
• Plaza edo toki ireki bat
• Gaztainak banatzeko egunkari zaharren orriak
• Gaztainak erre bitartean musika edo kantuak

5.
Transmisio saioak

Haur eta gazteak festa arrotz bat ospatzen hasiak zirela sentitu dute heldu askok.  Ez zekiten haien gurasoek ere antzeko festa bat ospatzen zutela garai berdinetan. Transmisioan emandako eten hori lantzeko aukera eskaintzen digu Gau Beltzak. Zer ospatzen zuten etxeko nagusienek haur zirenean? Nola bizi zuten heriotzaren gaia? Zerk sortzen zien beldurra gaztetan? Udazken garaiko zein ohitura gogoratzen dute?

Herriko gazteenak eta helduenak elkartu, bakoitzaren bizipenak partekatu eta elkarrengandik ikasteko saioak antolatu daitezke jaiaren aitzakia baliatuta. 

Zer behar dugu?

• Gaiarekin lotutako testigantzak eskaintzeko herritarrak
• Haur eta gazte taldetxoak
• Saioa dinamizatzeko galdera proposamenak
• Parte-hartzaile guztiak eroso sentitzeko moduko aretoa  

6.
Beldurrezko ibilbidea

Iluntasuna da Gau Beltzaren ezaugarri nagusia, horren baitan sortzen dira elkar izutu eta jolasean aritzeko aukerak. Beldurra eman, beldurra jaso, elkarrekin aurre egin. Bizipen horietatik sortuko da jaiarekiko atxikimendua.

Argiz inguratuta bizi garen garaietan, iluntasunak berak sortzen du beldurra. Giro hori sortu eta beldurrarekin jolas egiteko ibilbideak sortzea izan daiteke Gau Beltzaren ekintza nagusietako bat. Ezustekoak, ikara sortzen duten pertsonaiak, soinu arraroak… Taldean joatearen babesak, beldurrei aurre egin eta esperientziaren zirraraz gozatzeko ausardia emango die parte-hartzaileei.

Zer behar dugu?

• Gune ilun bat (herrian zehar ibilbide bat edo eraikin bat)
• Kalean bada, kaleko argiak itzaltzeko baimena 
• Ibilbidearen gaia edo narrazioa
• Beldurra eragiteko elementuak eta pertsonaiak
• Beldurrezko soinuak 
• Ardura eta rol banaketa egitea
• Ordutegia eta iraupena adostea

7.
Beldurrak erretzea

Zeri diogu beldurra? Zerk izutzen gaitu gehien? Bakoitzak bere bizipenak eta bere beldurrak izango ditu. Barrura begirako ariketa egiteaz gain, ditugun beldur horiei modu kolektiboan erantzuteko aukera bat gehiago da ekintza hau. Plazan elkartu, beldurtzen gaituen horretaz hausnartu eta elkarrekin sutan erretzea, kearekin batera desagertu daitezen. 

Zer behar dugu?

• Sua pizteko inguru egokia. 
• Sua egiteko beharrezko materiala
• Beldurrak idazteko papertxoak eta boligrafoak
• Ekitaldia dinamizatuko duen aurkezlea
• Girotzeko musika

8.
Kultur ekintzak

Herritik sortzen diren ekintzez gain, egitaraua osatu eta aberasteko kultur eskaintza zabala dugu Euskal Herrian: ipuin kontalariak, antzerki taldeak, heriotza eta dolua lantzeko hitzaldiak, kale-animazioa, beldurrezko filmak… Gure jaia girotzen laguntzeaz gain, kultur kontsumoa sustatu eta herri bizitzan eragiteko aukera ematen du. 

Zer behar dugu?

• Kultur ekintza eta ikuskizun posibleen zerrenda
• Aurrekontua
• Eskakizun teknikoei erantzuteko baliabideak
• Harremanetarako pertsona bat izendatzea