GAU BELTZAREN BALOREAK

Herriz herri, bakoitzak bere izaera eta ezaugarriekin antolatzen ditu jaiak. Gau Beltza ere, guztiona eta bakoitzarena izango da. Denon artean baina, oinarri partekatu bat izatea proposatzen dugu, sustatu nahi dugun horretan arreta jartzea.

Euskaraz Sortu, Euskaraz Bizi

Euskarak ezinbestekoak ditu erabilera espazio berriak, zer esanik ez eremu informalean. Herrietako jai eta ospakizunek komunitatea bera harremanetan jartzeko funtzioa betetzen dute eta, horrela, euskararen erabilerarako eremu natural bilakatzen dira. Euskaraz egindako festa batek hizkuntzarekin lotuko diren bizipen positiboak sortuko ditu.

Guretik, komunitatea ardatz izango duen festa berrasmatzen​

Euskal Herrian egin izan diren errituak jaso, egokitu eta berriz asmatzen ditu Gau Beltzak. Komunitatearentzat eta auzolanean sortutako ospakizun ugari ditugu gurean. Negu garaiko jaietan ohikoa izan da, adibidez, etxez etxe eske-errondetan aritzea. Herritar guztien parte-hartzea eta ekarpena sustatzen dira horrela, komunitatea eraikiz. Gau Beltza komunitate osoaren festa izatea proposatzen dugu.

Gazteei erdigunea hartzen utzi​

Komunitate osora zabaldutako festa izan arren, gaiak duen erakargarritasuna ikusita, gazteek festaren antolaketaren ardura har dezakete. Erdigunea hartuko dute gazteek eta euren parte-hartze aktiboa sustatuko dugu. Oinarri partekatua izan dezake herri guztietan Gau Beltzak, baina herritarren eta bereziki gazteen sormenari lekua egingo die.

Iluntasunaren jaia, beldurrak gainditzeko bidea

Urtea hiltzen den garaian ospatzen da Gau Beltza, egunik motz eta ilunenak datozenean. Heriotzari lotutako erritualak zabalduta daude data hauetan. Iluntasun horren baitan eta bihurrikeria baliatuz, norbere beldurrei modu kolektiboan aurre egiteko bidea ematen digu festak. Heriotzaren gaia lantzeko bidea ere bada.

Naturarekiko lotura berreskuratzen

Euskal Herrian ere ezagunak egin dira dagoeneko, gaztetxotan, kalabazak edo arbiak lapurtu, barrua hustu eta aurpegi itxurarekin argiztatuta bide bazterretan jartzen zituzten aiton-amonen testigantzak. Udazkeneko fruituak jasotzeko eske-errondak edo plazan gaztainak erretzeko ohitura ere gogoratzen dute askok. Jaiak, lurraren zikloei lotuta ospatu baitira urte luzez hemen ere. Gau Beltza naturarekin berriz konektatzeko eta ospakizun eredu jasangarriak bultzatzeko balia dezakegu.

Gau Beltza, Betaurreko Moreak

Gure herrietako jai eta ospakizunetan parte hartzeko modua ez da neutroa. Plaza hartzerako orduan, abiapuntu ezberdinetatik egiten dute emakume bezala edo gizon bezala sozializatutako herritarrek. Estereotipoak hautsi eta rolak gainditzera gonbidatu nahi gaituzte Gau Beltzaren mozorroek. Beldurra pasa eta beldurra eman; jaia denona delako.

Tokian tokira egokitutako festa parte-hartzailea​

Gertatuko bada, herri bakoitzak jaia bere ezaugarrietara moldatu duelako izango da. Tradizioen birformulatze honetan, herriko kondairak, pertsonaiak eta ohiturak jaso edo berriak sortzea erabaki dezake herriak. Herria bera izango baita Gau Beltzaren eszenatokia. Tokian tokiko sinergiak bilatuz, herriko eragileen izaera anitzak kontuan hartuz eta modu parte-hartzailean egingo dugu antolaketaren bidea. Emaitzak berak bezainbesteko garrantzia baitu prozesuak.

Izena eta izana

Izaera bezalaxe, jaiaren izena bera ere herri bakoitzak berera egokitzea aproposa da. Herri bakoitzak du bere nortasuna eta euskalki propioa, eta horrek berezi egiten gaitu. Gau Beltza, Gaba Baltza, Arimen Gaua, Animen Gaua, Arimen Gau Beltza… oinarriak partekatu arren, festa berezia izango da bakoitza.