Gau beltza: testuingurua

Udazkenetik negurako egun gero eta ilunagoen bueltan, erritu ezberdinak egin izan dira Europa osoan. Baita Euskal Herrian ere. 

Urtearen heriotza, uzta bilketa, hildako senideen oroimena… barrura begirako ariketan jartzen gaitu urtaro honek. Aldi berean, iluntasunak eta heriotzaren gaiak elkar beldurtzeko jolasean aritzeko parada eman ohi digu. 

Gurean ere badira kontakizunak, kalabazak edo arbiak hustu, aurpegi itxura eman, kandela txiki bat sartu eta bide bazterretan argiztatuta jartzen zirenekoak; bizilagunak beldurtu eta hildakoen arimei bidea erakusteko jarriak.

Erritual ugari mantendu dituen herria da gurea. Baina beste asko urteetan zehar galtzen joan dira, egiten zirenaren ezagutza ere ia galtzeraino. Horietako batzuk berreskuratu eta berriak sortzeko ahaleginean, herriz herri hasiak dira berriz ere udazkeneko egun ilunetako jaiak antolatzen: kalabazak hustu, trapu zaharrekin aurpegia estali, beldurra eragin..

Itzalitako kalabazen berpiztea (2018) lan etnografikoan, urriaren 31 iluntzean egiten diren ospakizun berriak aztertu eta jaso dituzte Jaime Altuna eta Josu Ozaita antropologoek. 

Gaua, beldurra, gozokiak, gauez lagunekin ateratzea, mozorroak… Gazteenentzat erakargarritasun handia duten elementuak bateratzen dituzte jai hauek.

 

Ikerketak erakusten duen bezala, Gau Beltza bertako ikuspegitik antolatzen hasiak dira jada herri batzuetan (Mutriku, Eibar, Txantrea, Aretxabaleta, Lekeitio, Oiartzun, Baliarrain, Pasaia, Arrasate…) eta datozen urteetan berriak sortuko direla aurreikus dezakegu. Ospakizun hauek ikuspegi komunitariotik antolatu ohi dira, aurrekontu txikiekin eta eredu jasangarriak bultzatuz (kalabaza naturalak, garaiko gaztaina erreak, trapu zaharrak mozorro gisan…). 

Herri bakoitzean abiapuntu ezberdina izan du jaiak, antolatzaileen izaera anitza izan delako: euskara elkarteak, guraso taldeak, kultur etxe eta liburutegiak, gazte-lekuak… Guztiek baina, euskara izan dute ardatz, bai antolaketan eta baita ekintzetan ere.

Bizipenak aldatu egin dira eta, honekin batera, jaiak eta tradizioak. Hauek iraungo badute, gaurkotasunera egokitzen direlako izango da; eta horrela ari da zabaltzen Gau Beltza Euskal Herrian. 

Berreskurapena baino, ospakizunaren berrinterpretazioa edo birsortzea ari da izaten: antzinakoak kontuan hartuta, guretik nahi dugu Gau Beltza ospatu, gaur egungo ikuspegitik ematen dizkigun aukerak eta erakargarritasuna baliatuta.